XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Raforttoenea, Dominintxeko anaidiaren egoitza 1972. urtean Santosek, Xalbatek eta Manexek eratu zuten anaidia.

Sinkretismo arraro horren oinarriak azaldu zituen Manexek Hemengo elizari deitu koplak idatzi zituelarik, kritikari zorrotz, kalonje, obispo, notable eta jendarmeak zaku berdinean sartuz, bestelako eliza moldatzearen ildotik.

Ildo aberats horrek eraman zuen Manex Erdozaintzi-Etxart, Donostian 1978ko abuztuaren 28tik irailaren 21era, Erlijioso Bizitzaren I. Jardunaldietan hitzaren hartzera.

Argiki agertu zituen han bere xedeak:


Euskaldun izate honek eta
Euskal Herrian bizitze honek
ematen eta emanen diote bere
hezur-mamia gure gaurko erlijioso
bizitzari.

Manexen buruan, eliza herriaren askapen-borrokaz griña zedin eskatzea zen azken helburu nagusia.

Karia horretara ardura, euskal iheslarien alde bermatzen zen Herriarekin apez-taldea sortu eta Donapaleuko frantziskotarrenean bildu zen.

Manexek berak, 1972ko gose-greba oroigarriaren denboran, Iholdin, errefuxiatuen aldeko predikua egin zuen, eta 1984an presoen sustenguzko gutuna bidali zion Pariseko prokuradoreren bati.

Bigarren utopia izan zen, menturaz, Euskal Herri berriarena.

Raforttoeneko anaidiak Donapaleuko kantonamenduko bizitza ekonomikoa partekatzen zuen: Xalbat laborarien laguntza-lanetan ari zen; Santos Beloki Oztibarreko apezei eskukaldi emaiten eta Manex, psikologo gisa, Etxarriko AFMR eskolan irakasle.

Euskara gerorako garapen guzien zutabe zela sinetsiz, inplikazio sozial aniztunak gidatu zituen Manexen urratsak, askoren kidegoan noski, lekuan lekuko beharrak estimatuz eta, batez ere, euskararen irakaskuntza sustatuz.

Halatan, 1976ko azaroaren 11n Donibane Garaziko gau-eskola abiarazi zuen eta handik zenbait asteren buruan, Donapaleukoa.

Irakaskuntzaz oso kezkaturik zebilen Ibarlako poeta.

Bazekien euskara galtzen ari zela eta neurriak hartzekoak zirela.